Hogeitamar Urte Askapenean


 Ikuspegi historiko apur bat gure hizkuntza garapenean


Berrebaluatze Erkidegoetako 2017ko Mundu Batzarra bukatu berri dugu, eta momentu ona izan da konturatzeko zein egoeran dagoen gure Erkidegoetako hizkuntz askapena. 


Parte hartu dudanetako Mundu Batzar onena izan da, zalantzarik gabe. Asko aurreratu dugu, eta aldi bakoitzean are eta gehiago ikasten dugu zapalketei buruz. Aldatu egin gara, eta gurekin batera gure Erkidegoak aldatu ditugu; orain dela hogeita hamar urte Erkidegoetan ezagutu nituen pertsona bertsuak ez gara.


Nire lehen Mundu Batzarrera joan nintzenean ez zegoen gaur egun erabiltzen dugun hizkuntz askapen egiturarik eta ezta ahozko itzulpenaren egiturarik ere. Pertsona gutxi batzuk jasotzen zuten euren hizkuntzara egindako ahozko itzulpena, baina momentuan antolatutako zerbait izaten zen, egiturarik gabea. Gehienbat zuria eta ingeles hiztuna izaten zen gailentzen zen giroa, eta ez zegoen modurik Batzarraren erritmoari jarraitzeko; ni bezalako bertako batentzat zeharo itogarria zen, ingelesa ez hiztunontzat bezalakoxea.


Gogoan dut Mundu Batzarretako eta Aurre-Batzarretako taldeetan izan nituen pentsatzeko eta asaskatzeko denbora guztiak negar egiteko erabili nituela, ez baikeneukan gure Erkidegoetako kultura eta hizkuntza ezberdinei buruzko kontzientziarik. Ni egon nintzen pentsatzeko eta asaskatzeko talde guztietako pertsonen pentsamenduari buruz pentsatzeko edo ulertzeko astirik ez nuen inoiz izan. Ezin izan nuen jarraitu Jarraibideak eta helburuak onartzeko inolako prozesurik; ezin izan nuen segitu ere horri buruz Harveyk zer esaten zuen; Nazioarteko Erreferentzia Pertsonen autoebaluazio prozesuak ere ezin izan nituen ulertu. Zeharo zapuzgarria izan zen, baita zapaltzailea ere.


Ameriketako Estatu Batuetako hainbeste jenderen artean -gehi ingeles hiztunak- egote soilari buruz etengabeko asaskatzeari eutsi niolako ez nuen amore eman, eta Mundu Batzar eta Aurre-Batzar guztietara joaten jarraitu ahal izan nuen, baita Nazioarteko Erreferentzia Pertsonentzako hainbat Batzarretara ere. Horietako batean esan nuen horrela ezin nuela jarraitu. Orduko hartan Harvey nazioarteko erakusleentzat zuzentzen ari zen mahai-inguru batean parte hartu nahirik nenbilen eta garrasika esan nien nekatuta nengoela euren hizkuntza ulertu ahal izateko egin behar izaten nituen ahaleginak egiteaz, eta eurek ez zutela inolako ahaleginik egiten nire hizkuntzaren hitz bakar bat ere ulertzeko, hori ez zela bidezkoa eta ni banindoala. Isiltasuna nagusi izan zen bat-batean. 


Ondorengo Nazioarteko eta Mundu Batzarretan ahozko itzulpen apur bat gehiago egon zen, baina, hala ere, hizkuntz giroa itogarria zen ingeles hiztunak ez zirenentzat. Hura zen hizkuntz askapenari buruzko mundu mailako ikuspegia; honela labur genezake: “aizu, zu zara ingelesa ez dakiena, beraz, hor konpon”.


ZER ULERTU DUGU ETA ZER 
ULERTU-ALDATU- BEHARRA DAUKAGU


Hizkuntzetarako eta Ahozko Itzulpenetarako Nazioarteko Erreferentzia Pertsona izendatu nindutenean, garunak zukutu beharrean ibili nintzen hizkuntz egoera zapaltzailea iraultzeko eta Erkidegoetako kide guztien inklusioari mesede egingo zion egitura sortzeko. Ordutik, pertsona asko ibili zarete nirekin batera elkarlanean nazioarteko ekitaldietan zegoen elebakartasun egoera aldatuz. Hauek dira gaur egun ulertzera iritsi garen kontzeptuetako batzuk, modu berri batean sustatu nahi ditudanak:


1. Ez dugu lortuko gizakiaren erabateko askapena, gure Erkidego bakoitzean hizkuntz askapen osoa ezartzen ez badugu. Gure Erkidegoetako kideen hizkuntz behar errealei kasu ez badiegu egiten, beti faltako da pieza bat askapenaren puzzlean. Behar-beharrezkoa da pertsona bakoitzak berreskuratzea, aldarrikatzea eta erabili ahal izatea EB tresna bere hizkuntzan.

2. Gure Erkidegoetako elebakartasuna iraganari dagokion egoera da. Munduaren errealitatea aldatu eginda; azken hamarkadetako giza mugimenduek ia ezinezko bihurtu dute erkidego elebakar bat aurkitzea. Egoera berri honetara egokitu beharra daukagu gure Erkidegoak. 


Ongi da zu elebakar izatea -zeu ez bait zara arazoa-; hori da egokitu zaizun egoera. Eta horretatik hizkuntz askapenean eginkizun garrantzitsua burutu dezakezu ulertzen baldin baduzu elebakar egoerak direla sistema zapaltzaileak bultzatzen eta iraunarazten dituen egoerak, gizakiek askapen esparruak beregan ez ditzaten. Egun, ordea, arazoa litzateke pentsatzea elebakartasuna irtenbide bat dela.


Bere garaian, EB Erkidegoetan sortu genituen egitura askatzaileak dagoeneko ez dira askatzaileak ez badute kontuan hartzen bertan dagoen hizkuntz aniztasuna. Erkidego elebakar izatetik Erkidego elebidun, hirueledun, eleaniztun izatera pasa behar dugu, eta gure hizkuntza eta kultura mugak zabaldu gure Erkidegoetan sartzen ari diren pertsona guztiei, baldin eta hazten jarraitu nahi badugu eta gaur egun egitura zapaltzaileak izan daitezkeenak eduki nahi ez baditugu.


Horretarako, lantegietan ahozko itzulpen egiturak ezartzeko tresna ondo zehaztuta daukagu (webgunean ditugun EB Jarraibidetan: <www.rc.org/publication/translations/contents>). Eskoletan eta beste ekitaldietan oso ondo erabil daitezke egiturok, eta ongi joango diren bermea daukagu. Izan ere, gure Erkidego eleaniztun txikietan eta nazioarteko ekitaldi askotan erabili izan ditugu eta urteetan. Etengabe sustatzen eta garatzen ari dira. Pozik lagunduko zaitut zure Erkidegoan hori dena martxan jartzen, horretarako behar banauzun kasuan.


3. Nazioarteko ekitaldiak ez dituzte diseinatu behar soilik ingeles hiztunek. Ingeles hiztunak ez diren pertsonen pentsamendua ere barne hartu behar dugu antolakuntzan, ingeles hiztunak ez diren pertsonen beharrak eta erritmoak kontuan hartzeko.


Nazioarteko ekitaldien antolakuntzaren erritmoak itzulpenik erabiltzen ez duten pertsonena izaten jarraitzen du. Erritmo baztertzailea eta kaltegarria da ingelesez funtzionatzen ez dugun pertsonentzat, eta, aldi berean, ez ditu gure behar intelektualak eta emozionalak asetzen. Horrek eskatzen digu birpentsatzea nazioarteko ekitaldi batean dauden jarduera guztien “denborak” eta “erritmoak”.


Adibidez, 2017ko Mundu Batzarrean ahozko itzulpenaren egitura oso ona izan da; hiru bat dozena pertsona aritu gara horretan. Talde batek egunero berrikusi du hizkuntz askapenaren egitura eta ahozko itzulpen taldeetako pertsonen arteko lotura zaindu du. 


Aurreko aldietan baino hobeto egin dugu. Hala eta guztiz ere, ekitaldien erritmoak baztertu egin ditu ingeles hiztunak ez diren pertsonak. Jarraibideei, helburuei eta hainbat gauzari buruz pentsatzeko prozesuetan ezin izan gara murgilduta ibili; izan ere ingeles hiztunen prozesuari jarraitzeko ahaleginean murgilduta egon baikara. Honegatik ezin izan dugu ekoitzi nahi adina eta behar adina “ez ingelesa hiztun jatorriko” pentsamendu kopururik, lanpetuta ibili bait gara ingeles hiztunak ekoizten, iruzkintzen eta proposatzen zebiltzatena. Hori aldatu beharra daukagu hemendik aurrera inolako zalantza izpirik gabe.


4. Hizkuntz nagusietakoak zareten pertsonok mugitu beharra daukazue hizkuntz menderatzaile egoeratik. Nagusitutako hizkuntzen presentziak eta eragiten duten hizkuntza menderakuntzaren kontzientzia ezak ez du mesederik egiten gutxiengoan dauden hizkuntzei agertokiak sor diezazkiegun. Horrek aldatu beharra dauka galera handia dakarrelako bai pentsamendu, bai presentzia bai arreta mailan nagusiak ez diren hizkuntzetako hiztunengandik.


Baina, ez da bere kabuz aldatuko ezta gutxiengoko hizkuntzen kulturetakoak garenok dagokigun toki partekatua aldarrikatu eta hartzen badugu ere. Dagoeneko, ez da nahikoa EBko ekitaldietarako hizkuntza askapenerako egiturak antolatzea: hizkuntz nagusietako pertsonok ez baduzue antolatzen zuen kultura menderatzailetik mugitu eta loratzeko plana, ezin izango dugu aurrera egin batera.


Nagusitutako hizkuntzek aldi berean existitzen dute egitura sozial zapaltzaile eta menderatzaileetan, eta galarazi egiten dute beste antolakuntza kultural ez menperatzaileek, hots, gutxiengoan dauden hizkuntzek euren inguruan sortzen dituzten gisakoak irautea ingurune horretan.


Horretan elkarrekin lan egin dezakegu, eta adieraz diezazuekegu hizkuntza menderakuntza egoeratik (bazterketatik) hizkuntza elkarlan bidezkorantz (barne hartzera) itzultzeko bidea, non ekitaldien erritmoa eta elkarrekin egingo dugun guztiaren erritmoa ingeles hiztunak ez diren pertsonen beharrek markatuko duten neurri handi batez. 


Egoera errazagoa, tinkoagoa eta berdintsuagoa izango da pertsona guztientzat bakoitza bere hizkuntza berreskuratzen doan heinean. Gai horri buruz beste artikulu batzuetan hitz egin dut, eta oso azaletik aipatuko dut jarraian:


5. Ohartu behar gara galdutako, ahaztutako edo erabiltzen ez den hizkuntza bati buruz hitz egiten dugunean Hizkuntz Zapalketaz mintzo garela, pertsona, hizkuntza talde edo zibilizazio horrek jasandako egoera ez justuaz. 


Gai horri buruz eman ditudan eskola, lantegi, mahai-inguru edota bileratara etorri diren eta ingelesa hizkuntz bakarra duten pertsonak (edo nagusitutako hizkuntza dutenak) iritsi dira ohartzera kultura- eta hizkuntza- jatorri ezkutua daukatela landu gabe, euren kontzientziatik baztertua izan dena, euren hizkuntza- eta kultura- herentziaren zati batzuk galtzeak, ahazteak, ezabatzeak, lurperatzeak... sortzen duen pena eta zaputz sakonari aurre ez egitearren. Zati horiek berreskuratu ezean ezin izango gara zeharo aske izan, ez eta gu geu ere.

Hori aurre egin beharreko kontua dugu, batez ere hizkuntza bakarrekoa baldin bazara eta berau nagusitutakoa eta menperatzailea baldin bada. 


Hori, gehi pertsona zuri bezala norizan bakarrekoa izateko kontuarena, pieza gakoa da aipatu ditugun egitura nagusitutako eta egitura zapaltzaileak iraunaraztea eteteko, eta aldi berean zure loratzearen zati ezinbestekoa duzu ere bai. Nire ustetan sistema zapaltzaileak sinestarazi nahi digu pertsona zuriek norizan bakarra dutela; zuria, hartara ez dute asmorik izango beren iraganaldia ikertzeko eta honela ez dituzte beste jatorri ezberdinak aurkituko. Antropologo naizen aldetik oso zaila egiten zait pertsona zuriei ezarri zaien norizan bakarreko kontzeptua onartzea. Pertsonen iragana kultur anitza eta aberatsekoa da, baina horren kontzientzia hartzen baldin badute, litekeena da dagozkien norizan hainbat aldarrikatu nahi izatea, zilegi denez gero, eta horrela topatuko lukete uste baino lotura gehiago eta garrantzitsuagoak dituztela beste kultur eta hizkuntz taldeekin. 


Lotura horiez ohartsu izanik zailagoa suertatuko litzaieke beste herrialde batzuekiko zapaltzaile eginkizunak hartzea edo onartzea.


Egoera horiek hizkuntz zapalketa egoerekin lotuta daude eta (klasismoak, arrazakeriak, sexismoak eta beste zapalketa batzuek errazten dutena) estutasunak eta joka-molde irrazionalak sorrarazten dituzte –ezagutu, aurre egin eta asaskatu beharrekoak– lortzen dutelarik pertsona bat egoera horiek onartzera iristea. Zati hori landu gabe gure Erkidegoak bideratuta egongo dira ez loratzerantz.


Gogoratu nahi dizut ez zaudela bakarrik, behar nauzun tokian edukiko nauzula, horretan lanean gabiltzanak asko garela eta gure alde daukagula zure oinarrizko izate ukitu gabea: pertsona on-ona, adimentsua, egokia eta gai zarela.


AURRERA BEGIRA


Hori guztia egingo dugu ukaezina den egitatea begi bistatik kendu gabe: Errealitatea Onbera dela, alegia. Errealitatea eta zure errealitatea onberak dira oinarrian, beren edukian, beren adierazpenetan eta erritmoetan. Dena ondo dago. Errealitatea gure unibertsoa gidatzen duten indar-multzo adimentsu, ordenatu, arrazional eta logikoei dagokie, nahiz eta batzuetan gure ulermenaren erdiespenetik at kokatu. Zu, ni bezalaxe, Unibertsoaren seme-alaba zara. Ongi zaude, erabat. Hori ahazten badugu baliteke atsekabe, larritasun edota etsipenezko estutasunetan erortzea. Horietako ezerk ez gaitu gidatu beharrik.


Prest nago datozen lau urteetan ukondoz ukondo lan egiteko edonorekin, hurrengo Mundu batzarra EBn ezagutu dugun askatzaileena izan dezagun. Gure Erkidegoetako Nazioarteko Erreferentzia Pertsona ados dago norabide horretan lan egiteko.


Lau urte barru egingo den Mundu Batzarrean nahi dut ingeles hiztunak ez diren pertsonok eta ahozko itzultzaileok lasai eta sakonki pentsatzeko behar denbora izan dezagun. Adibide xume bat ipintzearren, jakin ahal dezagun zer esan nahi diegun gure Nazioarteko Erreferentzia Pertsonei euren autoebaluazioa egiterakoan. Orain arte, sekula ezin izan dut eman nire pentsamendua ariketa horretan; izan ere, momentu horietan beti egon izan naiz lanpetuta bertan esaten ari ziren guztia itzultzen saiatzen. Honek ez du utzi gure Erreferentzia Pertsonek ingeles hiztun jatorria ez dutenengandik joan-etorriko informazioa hartzerik, galera bat dena hain zuzen, kultur molde desberdinen pean bizi garelako. 


Beraz, datorren Mundu Batzarra izango da elkarrekin denok batera honetan murgildurik lortuko dugunaren isla, bakarrik “zapalketa jasotzen dutenen” esku gehiago utzi gabe.


Gizakiak garenez lehena, oraina eta geroa ederrak ditugu eta gure gogamenean eta bihotz adimentsuetan presen ditugu, aukera berriez bete-beteak. Zukutu ditzagun.



Xabi Odriozola


Hizkuntzetarako eta Ahozko iIzulpenetarako Ezaugarri 
Komuneko Nazioarteko Erreferentzia Pertsona


Artatza, Euskal Herria


- - - -


Last modified: 2019-05-02 14:41:35+00